Amara Berriko Haur Hezkuntzako patioa

Jolas eremu naturalak

Amara Berri ikastetxea beti izan da eredu ikuspegi pedagogikotik. Kasu honetan, Urbieta kalean dagoen haur hezkuntzako eraikinean esku hartu dugu. Erdigunean dago, eraikin historiko baten barruan, eta haurrek espazio gutxi dute kanpoan jolasteko. Eremu hori naturalizatzeko, patioko zoladurak altxa genituen, eta azpian hondarra agertu zen. Izan ere, jatorriz, eremu hori padura zen, hondar-guneak ziren.

Hala, hondar eremuak barneratu ditugu eta landaketak ere egin ditugu naturari espazio gehiago emateko. Bestalde, komunak birgaitu ditugu ur laborategi bat bailitzan. Horientzako estalki berdea sortu dugu euri urak biltzeko. Horrez gain, eskailerak, txirristak, pasabide sekretuak, eskalatzeko sareak eta abar ezarri ditugu jolas eremuan.


Kimubat Paisaiak Sistema Lupo taldearen eskutik gauzatu du proiektu hau. Arkitekto eta hezitzaile talde bat da, eta Donostiako Udalarekin elkarlanean ari dira BERdea PIZTU programaren barruan. Programa hori Udalak berak eta Eusko Jaurlaritzak sustatu dute, eta bere lan-ildoen artean dago naturak hezkuntza-guneetan duen presentzia areagotzea.

Itzuli