Txakur eta umeen arteko harremana jorratzeko ikastaroa Kimubat Gardenen
Txakur eta umeen arteko harremana jorratuko dute Kimubat Gardenen martxoaren 7an, goizeko 10:30etik 12:30etara bitartean egingo den doako ikastaroan. Saioa Iñaki Mantzisidor txakur-hezitzaileak zuzenduko du eta interesa duten guztiak beren haurrekin eta lagun iletsuarekin joan daitezen pentsatuta dago.
Atal teorikoan, animalien eta haurren arteko errespetuak duen garrantzia aztertuko dute parte-hartzaileek. Halaber, animaliak hezteko aholkuak emango ditu Mantzisidorrek, eta saihestu beharreko egoerak zein diren jakiteko hainbat kasu erreal aztertuko ditu. Bestalde, saioaren zati praktikoan, helduek eta haurrek ikasitakoa praktikan jarriko dute eta txakurrek obeditu dezaten jarraibideak jasoko dituzte.
Ikastaroan izena eman nahi dutenek kimubat@kimubat.eus helbidera idatzi edo 943 150 085 zenbakira deitu beharko dute. Gainera, nobedade gisa, tailerrean izena ematen dutenek % 10eko deskontua izango dute, larunbat horretan, maskotentzako produktuetan.
Hurrengo ikastaroak
Kimubat Gardenek animalien heziketarekin loturiko 2020 urteko tailer berrien datak iragarri ditu: apirilaren 4an jarrera desegokiak zuzentzeko jarraibideak eskainiko dituzte. Maiatzaren 9an, aldiz, txakurren jarrera erasokorren aurrean, istripuak ekiditearren, zer nolako jarrera landu beharko litzateke ikasiko dute bertaratuek, eta heziketa eta obedientzia lantzeko ariketa praktikoak proposatuko dira ekainaren 13an eta 14an.