Zer landatu udaberrian?

Ezinezkoa da hilabete honetako lorerik aipagarrienak aukeratzea, naturak eskaintzen digun aukera amaigabea da. Hemen dituzu guri gehien gustatzen zaizkigunak, zure balkoi, terraza edo lorategian izan ditzazun. 

Landatzen hasi aurretik, garrantzitsua da landare bakoitzak zein baldintza behar duen ikertzea. Horrez gain, landarea osasuntsu hazi dadin beharrezkoa da ureztatzea eta behar dituen mantenugaiak emango dizkiozula ziurtatzea. 

  • Begonia: landare honek 1.800 espezie ezberdin baino gehiago ditu. Hosto asimetrikoak ditu, lore handi eta koloretsuak. Barietate batzuek orbanak edo marrak dituzte hostoetan. Itzal pixka bat eta tenperatura epela behar ditu.
  • Petunia: Balkoietan oso ohikoak dira, lore asko eta kolore bizikoak baititu. Erraz eta azkar hazten den landarea da eta loreontzietan zein lorategietan hazten da. Eguzki asko eta maiz ureztatzea behar du.
  • Hibiscus: Oso ondo jasaten ditu udako tenperatura altuak. Eguzki asko behar du, zenbat eguzki ordu gehiago jaso, orduan eta loratze handiagoa izango du. Bere loreak oso erakargarriak dira, kanpai itxurako petalo handiak dituzte.
  • Sedum: 400 espezie baino gehiago ditu lore honek, munduko hainbat lekutakoak. Sukulentzak dira, hostoetan, zurtoinetan eta sustraietan ura gordetzen dutela esan nahi du. Testura lodi eta mardula dute, lehorteari aurre egiteko.
  • Coleus: ostadar landarea deitzen zaio, kolore ugari dituelako. Klima beroetan landare iraunkorrak dira, baina klima hotzagoa den tokietan, urtekoak. Bere hostoek forma eta tamaina ugari dituzte, horzdunak, lobulatuak, bihotz itxurakoak… Harrigarriak benetan!
  • Daliak: Daliak oso ederrak eta gogorrak dira. Bere lorea deigarria, erakargarria eta kolore bizikoa da. Loreek petalo ilara bakarra edo bat baino gehiago izan ditzakete; testura leuna eta zetatsua dute.
  • Kalak: Kalek inbutu-formako loreak dituzte, dotoreak eta koloretsuak, zurtoin altu eta lirainen gainean. Lorategiari dotorezia ematen diotenez ezin hobeak dira kanpoko dekoraziorako eta lore sortak osatzeko.
  • Geranioak: Geranioak udaberriko landarerik ohikoenak dira, oso koloretsuak direlako: gorriak, arrosak, laranjak, txuriak, malba… Geranioa munduan gehien landatutako landareetako bat da, egokitzeko gaitasun handia duelako. Landare gutxik irudikatzen dute udaberria balkoietan zintzilik dauden geranio horiek bezain ongi.
  • Bitxiloreak: Udaberriko beste klasiko bat. Bitxiloreen familia zabala da, espezieak eta eskualde klimatikoak eragina duten arren, oparo eta ugari loratzen dira udaberritik udara arte.

Zein aukeratuko duzu?

Itzuli