Nola zaindu nire bonsaia?

Landareek zainketa desberdinak izan behar dituzte, jatorriaren edo ezaugarrien arabera. Denok dakigu ezin ditugula denak berdin zaindu, batzuentzat onuragarria izan daitekeena beste batzuentzat hilgarria izan baitaiteke. Barruko bonsaiak, adibidez, egoera onenean mantentzeko argi eta hezetasun handia behar duten zuhaitz tropikalak dira. Hona hemen oinarrizko zainketa onuragarrienetako batzuk:

  1.  Kokapena eta argia: Bonsaia gure etxean non kokatu erabakitzea da hartu beharreko neurririk zailenetako bat. Landare horiek tropikalak direnez, argi asko eskatzen dute egunero. Horregatik, aditu batzuek hegoaldera begira dauden leihoetan jartzea gomendatzen dute. Bonsaiak jasotzen duen argi kopuruak  zehaztuko du haren hazkundea, eta funtsezkoa izango da landarea ez ahultzeko ere. Gainera, udako hilabeteetan, komenigarria da lorontzia leihotik apur bat urruntzea, lupa efektuaren bidez landarea erre ez dadin. Baita aldizka buelta ematea ere, alde guztiek argi kantitate bera jaso dezaten.
  2. Ureztatzea: Gure zuhaitza zein maiztasunarekin ureztatzen dugun zehazteko, adituek gomendatzen dute etiketaren argibideei kasurik ez egitea, eta gure landarean ikusten ditugun beharrei erantzutearen aldeko apustua egitea. Premia horiek aldatu egin daitezke, besteak beste, egunero jasotzen duten argi-kantitatearen arabera. Aukera ona da substratuaren hezetasunari erreparatzea, hezetasuna behar baitu zuhaitz-mota horrek, lehortu ez dadin.
  3. Tenperatura: Lehen esan dugun bezala, bonsaiak zuhaitz tropikalak dira, eta, beraz, tenperatura epelak hobeto jasaten dituzte. Hori dela eta, gure etxeko egongela leku aproposa izan daiteke. Gainera, adituek berogailuetatik edo aire girotuko makinetatik urrun edukitzea gomendatzen dute, adibidez, tenperatura iraunkorra izatea komeni baita, aldaketa handirik jasan gabe.
  4. Hezetasuna: Haien jatorriagatik ere, hezetasun handia eskatzen duten landareak dira, eta hori lortzea zaila izan daiteke gure etxeetan, bereziki berogailuak edo aire girotuak erabiltzen ditugunean. Horregatik, komeni izaten da gure bonsaia urarekin lainoztatzea egunean behin baino gehiagotan, leihoa noizean behin irekitzea edo urez betetako ontzi bat gertu jartzea.

Itzuli