Mihi Berdea proiektua

Basque Culinary Center, Orona Fundazioa, Agifes, Diametro 200, Blasenea, Kimu Bat, Ernetuz, Karabeleko eta Infotres eragileek aurkeztu dute, BCCk antolatutako Gastronomia Jasangarriaren VI. Jardunaldiaren baitan, burutu berri duten ikerketa, IV. gamako ekoizpen ekologikoko ustiategia martxan jarri eta Horeca kanala hornitzeko helburu duena.

Ia bi urteko lan-prozesu baten ondoren, gastronomia, agronomia eta gizarte arloetan erreferentziazkoak diren hainbat eragilek jatetxeetan eta baratzean berrikuntza eta zapore berriak barneratzeko helburua duen proiektu berritzailea aurkeztu dute Basque Culinary Centerren. Gastronomia Jasangarriaren VI. Jardunaldian plazaratu dituzte buruko osasun arazoa duten pertsonen laneratzea ere bultzatuko duen egitasmo honen xehetasunak.

Basque Culinary Center, Orona Fundazioa, Agifes, Diametro 200, Blasenea, Kimu Bat, Ernetuz, Karabeleko eta Infotres eragileek gauzatu duten ikerketa-lanari esker, IV. gamako ekoizpen ekologikorako ustiategi txikiak martxan jartzeko ezagutza bildu dute, Horeca kanalari eskaintza berritzailea eskaintzeko xedez. Eusko Jaurlaritzak eta Landa Garapenaren Europako Fondoak babestutako elkarlan honetan dozenaka hostozko landare aztertu dituzte, baita landaketarekin, eraldaketarekin eta ontziratzearekin loturiko xehetasun teknikoak ere. Prozesu honen emaitza da Mihi Berdea, hostokume fresko eta ekologikoekin osaturiko mezclum berritzaile sorta bat, sukaldariak harrituko dituen zapore ñabardura bereziak dituena.

Proiektuaren zutabe dira agroekologia, esperimentazio ekologikoa, berrikuntza eta kolektibo berezien babesa. Kontsumitzailearen eskakizun berrietatik abiatuz, garapen sozial eta ekonomikorako bide berriak bilatzearen alde apustu egin dute eragileok, ingurumena eta pertsonak aintzat hartuz. Karabeleko, Hernanin kokatutako ekonekazaritza-etxaldea, arduratuko da proiektu honen emaitza gisa sortu den negozio-ekimen berria gauzatzeaz, eta horrekin batera, buruko osasun arazoa duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatuko du.

Era berean, proiektuaren xede nagusietarikoa da prozesuan lortutako ezagutza partekatu eta nekazarien eskura jartzea, euren ekoizpena zabaldu eta sektoreko eskaintza berritzeko aukera izan dezaten.

Aurkezpen ekitaldian, Karabelekoren koordinatzaile Iker Goikoetxeak eta BCulinaryLABeko ikertzaile Blanca del Novalek azaldu dituzte proiektuaren jatorria, helburuak, faseak eta etorkizuneko erronkak. Orain finantzazioa bilatzeko faseari ekingo diote, produktua ahalik eta aurreikuspen onenekin merkaturatu ahal izateko.

 

Itzuli