Kimu Bat berriaren aurkezpen ekitaldia
Hogeita bosgarren urteurrenera iritsi gara eta eskaintza berrituarekin eta ingurumenaren aldeko proiektuekin ekingo diogu fase berriari. Azpeitian ditugun instalazioak eraldatu ditugu, ingurumen eta bioaniztasun gaiak lantzeko espazio didaktikoak sortuz eta lorategirako eta baratzerako produktuak eskaintzen dituen denda goitik behera eraberrituz. Garden berria eta eskuartean ditugun proiektuak aurkeztuko ditugu bihar, apirilak 21, sektoreko eragileak eta Urolako hainbat udaletako ordezkariak bilduko dituen ekitaldi berezi batean.
Ingurumen-hezkuntzaren aldeko apustua ere indartu nahi dugu, instalazioetan bisita gidatuak antolatuz eta ikastaroak eskainiz xede horretarako sortutako showroomean. Zentzu horretan, bioaniztasunaren, fitoarazketaren, bioeraikuntzaren edota nekazaritza ekologikoaren inguruko ikastaroak antolatzea aurreikusiten dugu. Horrez gain, baratze didaktikoak eta lorategi jangarriak ezartzeko lanean gabiltza, besteak beste, ikastetxeetan eta udalerrietan ortuaren oinarrizko ezagutzak hedatu asmoz.
Orain arte erakutsitako konpromiso soziala ere mantendu nahi dugu inguruko eragileekin elkarlana sustatuz eta bertako produktuak azpimarratuz. Helburu horrekin, garden berrian tokiko ekoizleen produktuak saltzeko espazioa ezarri dugu. Gainera, auzolana bultzatuz, herrigintzan parte hartzen jarraitzeko asmoa dugu.
Garden berritua eta ingurumenaren aldeko proiektuak dakartzagu 25. urteurrenean! Ospatzeko, bihar, apirilak 21, denda eta proiektu berriak aurkezteko ekitaldi berezia antolatu dugu.